Herritartasun globalerako hezitzaileen Sarea elkarlanerako topagunea da, eta bertan herritartasun globala eraiki nahi duten hezkuntzarekin lotutako profesionalek parte hartzen dute (desberdintasunen aurkako borroka, larrialdi klimatikoa, giza eskubideak, zainketen pedagogia, heziketa emozionala, bake-kultura, migrazioak…). Bakoitzak berezkoena duena eta gehien dakiena ematen du, guztiok imajinatzen dugun eskola eraldatzailea posible egiteko ekimen, ekintza eta proiektuen bidez.
Duela 30 urte inguru hasi zen dena, maisu-maistra talde bat amets bat eraikitzen hasi zenean: hezkuntza eraldatzea, herritarrengan elkartasunezko konpromisodun kontzientzia kritikoa pizteko, bere momentuan Intermn zenaren eskutik eta duela gutxi arte Oxfam Intermon barruan. Herritartasun globalerako hezitzaileen Sarea sortu zen. Sare hori poliki-poliki ehuntzen joan zen, eta topaketen bidez hazten ere bai, hainbat lurraldetan irakasle-taldeak sortuz. Prestakuntza-lan hori guztia ikasle kopuru handi batengana iritsi diren hainbat proiektu eta jardueretan islatu da.
Horraino gure historia, Oxfam Intermonen babespeko bidea amaitu arte, erakunde horrek hezkuntza-programa ixtea erabaki zuela.
Hortik aurrera, aurrera jarraitzea erabaki dugu, antzeko ikuspegia partekatzen dugun hezkuntza munduan aritzen diren beste sare eta elkarte batzuekin egindako aliantza guztiei eutsiz. Geure burua berregitea eta sarean ametsetan jarraitzea da gure erronka. Hegan hasteko hiru elkarte osatu ditugu: Katalunian (Xarxa ECG Catalunya), Andaluzian (Red ECG Andaluzia – Kanariak) eta Euskal Herrian (Red Norte ECG – HGH Ipar Sarea). Elkarrekin lan egingo dugu amets horiek egia bihurtzeko.
2022ko abendura arte, trantsizio-aldi batean gaude, eta, egun horretan, Oxfametik behin betiko bereizi eta sare erabat independentea izatera pasatuko gara. Sare horrek helburu nagusi hau lortu nahi du: herritartasun globala eraikitzea, pertsona guztien duintasunaz jabetuta, mundu bidezkoago batekin tokian eta globalean konprometitua.
Gure sarean parte hartu edota gure proiektuak ezagutu nahi badituzu, mesedez, utzi zure datuak inprimaki honetan.
Mila esker amets honen parte izateagatik!